- Emanaldia apirilaren 2an, asteazkena, izango da 21:00etan Herriko Antzokian, eta sarrera doan izango da.
Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Ongarri zineklubak, Laburbira euskarazko laburmetraien zirkuituaren baitan, euskarazko zortzi film eskainiko dituzte apirilaren 2an, asteazkena, 21:00etan, Elgoibarko Herriko Antzokian.
Laburbira, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak antolatutako egitasmoa, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da, eta herriz herri ibiliko da Euskal Herrian barrena hilabetez, martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean. Zirkuitu honek bi helburu ditu, alde batetik, euskal zinemagintza bultzatzea, eta bestetik, arlo honetan diharduten zinemagileei haien lanak jendaurrean zabaltzeko aukera eman eta herritarrei euskaraz sortutako filmak ikusteko aukera eskaintzea.
Aurtengo edizioa XXII.a izango da, eta Euskal Herrian ekoitzitako 8 film laburrek osatzen dute ikusi ahal izango den bilduma. Hala, eduki eta estilo ugariko pelikulez osatutako bilduma horri esker, gure sortzaileen lanaz gozatzeko aukera bikaina izango dute bertaratzen direnek. Azpimarratzekoa da, bertan, Jone Arriola elgoibartarraren bigarren laburmetraia, “Hor konpon”, eskainiko dela.
Beste urte batzuetan bezala, eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz, 80 minutuko film labur sorta ikusgarriak osatuko du 2025eko bilduma. Eta berrikuntza gisa, aurtengo edizioan, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute Laburbiraren webgunean.
Hona hemen, egun horretan, emango diren filmak:
- PROSOPAGNOSIA. Zuzendaria: Ekain Martinez de Lizarduy. Prosopagnosia jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten duen gaixotasuna da. Barne bidaia baten kontakizuna da filma.
- PLAZER BAT. Zuzendaria: Sonia Estévez. Stop motion teknika baliatuz, film hau pertsona orok dituen eguneroko plazer txikiei egindako omenaldia da.
- BETIKO GAUA. Zuzendaria: Eneko Sagardoy. Mirenek Elena antzemango du alokatutako auto bat gidatzen. Auto horri segika hasiko da gauaren erdian.
- EUROPA. Zuzendaria: Ekain Irigoyen. Gerratik ihesi etorri da Lubna Parisera. Gurasoengan du pentsamendua, beraiekin elkartzea baitu helburu.
- PENTSATZEN DUT. Zuzendaria: Karmele Mitxelena, Alaia Martin eta Iraitz Mateo. Amatasuna lan munduarekin uztartu ezinda, blokeatuta dago Bea. Nora lagunarekin erakusketa batera egindako bisitak barrenak inarrosiko dizkio.
- HOR KONPON. Zuzendaria: Jone Arriola. Rita eta Berta lapurrak dira. Bizimodu horrexek ematen die egunerokoan aurkitzen ez duten adrenalina. Bertak, baina, bizimodua aldatzea erabakiko du bat-batean.
- GOODBYE KEPLER. Zuzendariak: Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, eta Iraia Yarto. 9 urte espazio sakonean ibili eta gero, Kepler teleskopioa erregai gabe geratu da.
- UTLANDSK. Zuzendaria: Alba Lozano. Esti Oiartzunera itzuli da sei urtea Suedian bizi ondoren. Herria ez dela deus aldatu baieztatu du, eta Estiri kostatzen ari zaio egokitzea.