Hurrengo astean, ostiralean, izango da Udal Ludotekak, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak eta Atxutxiamaikak antolatzen dugun “Erromeria familian” ekimena. Aurtengoan ere, Haritz Euskal Dantzari taldearekin jardun dugu elkarlanean.
17:30ean izango dugu zita Azkue auzoko zelaian. Ludotekak eta Atxutxiamaikak jolas gune bat jarriko dugu bertan, eta umeek eta familiek, oro har, material ezberdinekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera izango dute.
18:30ak aldera, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako umeen erromeria izango dugu, eta musikariek jotzen duten musika dantzatzeko aukera izango dugu bertaratutakook.
Ondoren, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin batera, dantzaldia izango dugu dantzatzeko gogoz daudenentzat! Bertan afaltzeko aukera ere luzatu nahi diegu herritarrei.
Norberak dakarrena afalduko dugu zelaian bertan, hala nahi dugunok. Horretarako, manta bat ekartzea gomendatzen dugu. Jarduera hau udalarekin eta San Roke lokal sozialarekin lankidetzarekin garatuko da.