EUSKARALDIA ekimenaren 4. edizioaren hasieraren ekitaldia Elgoibarren

Maiatzaren 15ean emango zaio hasiera EUSKARALDIA ariketa sozialaren 4. edizioari, bai Euskal Herrian eta baita Elgoibarren ere. Maiatzaren 15ean hasi eta 11 egunez egingo dugu euskara gehiago egin eta entzuteko prestatutako ariketa nazionala. 

Esan bezala, maiatzaren 15ean ekingo diogu ariketari, eta Elgoibarri dagokionez, HASIERA-EKITALDIA arratsaldeko 19:00etan izango da Kalegoen plazan (euria egiten badu Maalako parkean). 

EUSKARALDIA ariketan izena ematen duten guztiak daude gonbidatuta hasiera-ekitaldian parte hartzera, baina egunean bertan ere izango da aukera izena eman eta txapa jasotzeko. 

Hasiera-ekitaldiari dagokionez, Kalegoen plazan bildu eta aulkietan eseriko gara lau laguneko taldeetan. EUSKARALDIAk eman digunaren gainean jardungo dugu, eta baita laugarren edizioan ditugun erronken gainean ere. Musika eta dantza ere izango dugu, Birakako lagunen eskutik, eta, amaitzeko, bakoitzak aukeratu duen rolari dagokion txapa jantziko dugu. 

Elgoibarko EUSKARALDIA Taldeak 16 urte beteta izan eta euskara ulertzen duten elgoibartar guztiak animatu nahi ditu EUSKARALDIAn izena eman eta ariketa egitera.