Elgoibarko Udalak, “Bizitzarako prestakuntza euskaraz” programen baitan, hitzarmen bateratua sinatu du herriko ikastetxeekin 2025ean hainbat jarduera hezitzaile eta komunitario diruz laguntzeko. Hitzarmen hauen bidez, udalerriko ikastetxeek beren proiektuak garatzeko laguntza jasoko dute, herritarren prestakuntza eta kohesio soziala bultzatuz.
Hitzarmena honakoek sinatu dute, besteak beste: Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko Udaleko alkatea; Ion Vazquez, Elgoibar Ikastolako zuzendaria; Nerea Gorostiza, Herri Eskolako zuzendaria; Jone Agirregomezkorta, Elgoibarko Institutuko zuzendaria; Jose Mari Beristain, MEKA Lanbide Eskolako zuzendaria, Ixaka Egurbide, IMHko zuzendaria eta Fernando Gomez CEPAko zuzendariak.
Honako hauek izan dira laguntzen onuradunak eta zenbatekoak:
- Elgoibar Ikastola: 60.699,00 €
- Elgoibarko Herri Eskola: 29.986,50 €
- IMH: 72.000,00 €
- Meka Lanbide Eskola LHII: 13.000,00 €
- Elgoibar Arreiturre BHI: 27.967,00 €
- CEPA Eibar-Eibarko HHI: 1.800,00 €
Dirulaguntza hori Udaleko Gazteria eta Hezkuntza, Gizarte Ongizate, Euskara, Berdintasuna, eta Sustapen Ekonomiko eta Enplegua eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako sailek bideratu dute, betiere, eskolekin adostutako hitzarmenak garatzeko eta sail hauen helburuekin bat datozen ekintzak abian jartzeko.