Elgoibarko Udalak 45.000 euro bideratuko ditu  2025ean merkataritza eta ostalaritza sustatzeko 

Elgoibarko Udalak eta herriko bi elkarte garrantzitsuk –AIZU! Ostalaritza Elkartea eta Txankakua  Merkatarien Elkartea– 2025. urtean zehar herriko ostalaritza eta merkataritza biziberritzeko  helburuarekin lankidetza-hitzarmen bana sinatu dute. Hitzarmen horien bitartez, Udalak guztira  45.000 euroko ekarpena egingo du. 

Udalak 20.000 euroko dirulaguntza emango dio AIZU! Ostalaritza Elkarteari, urte osoan zehar  garatuko diren dinamizazio-jardueretarako. Ekintzen artean hauek nabarmentzen dira: 

  • Ostalaritzaren irudi bateratu eta erakargarriaren sustapena 
  • Bezeroak fidelizatzeko kanpainak (deskontoak, zozketak, sariak…) 
  • Inguruko herrietatik bezeroak erakartzeko ekimenak 

Bestalde, Udalak 25.000 euro bideratuko ditu Txankakua Elkartearentzat, tokiko merkataritzaren  aldeko sustapen eta animazio ekintzak garatzeko. Jarduerak antzeko ildoetan oinarrituko dira: 

  • Merkataritza elkartegintza bultzatzea 
  • Herriaren barruko kontsumoa indartzea eta kanpora ihes egitea saihestea 
  • Komunikazio eta marketing kanpainetan euskararen presentzia ziurtatzea 

Bi hitzarmenetan, parte hartzen duten erakundeek konpromisoa hartu dute dirulaguntza  jarduera espezifikoetara bideratzeko eta ondorengo justifikazioak aurkezteko.