Amaitu dugu BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren lehen fasea

Asteazkenean amaitu genuen BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren lehen fasea. Urtarrilean ekin genion lan-prozesuari eta, denera, 10 lan-bilera egin ditugu. Lehen fase honetan 105 lagunek parte hartu dute, eta parte-hartzaileen artean ezaugarri bat azpimarratu behar dugu: aniztasuna. Aniztasuna jendearen adinari, generoari, jatorriari edo lanbideei dagokionez, eta aniztasuna, baita ere, euskaltasunari dagokionez. Euskaltzaleek parte hartu dute, euskaratik urruti dagoen jendeak ere bai, eta baita euskaraz ez dakien jendeak ere. Elgoibarko gizartean dagoen aniztasuna eraman nahi izan dugu lan-prozesura.

BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren helburu da hamar urte barru Elgoibar herri euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta erabakitzea. Zer baldintza bete behar dira gure herrian Elgoibarren, 10 urte barru gure herrian euskara gehiago egin eta entzun dadin? Galdera horri erantzuteko da BATERA ELGOIBARREN prozesua, eta, behin-behinean bada ere, baldintzak erabakita daude. Zortzi izan dira lan-prozesuan parte hartu duten herritarrek onartu dituzten baldintzak.

Lehen fasea amaitu dela diogu, BATERA ELGOIBARREN herri-ekimenaren bigarren fasea irailean hasiko delako. Irailetik abendura artekoa izango da eta helburua lehen fasean onartu diren baldintzak herritarrei eta entitateei azaltzea izango da. Baldintzak azaldu, iritzi-ekarpenak jaso eta herri-ekimenera jende gehiago biltzea da helburua. Horretarako, Elgoibarko entitateekin egongo gara haien iritzi-ekarpenak jaso eta prozesuan parte hartzeko gonbita egiteko, eta herritarrekin ere beste horrenbeste egingo dugu.

BATERA ELGOIBARREN Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak proposatutako lan-prozesua izan da eta euren gidaritzapean dinamizatu dute prozesua herrian Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak. Biek ere oso argi dute jendearekin eta jendearentzat egin behar dutela, eta horretan saiatuko dira hurrengo aste eta hilabeteetan.