IMH Campuseko zuzendaritzak eta patronatuko kideek osatutako ordezkaritzak Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren bisita jaso du Elgoibarko instalazioetan. Iglesiasekin batera, bertan izan dira Xabier Aizpurua Telleria Unibertsitate Politikako sailburuordea eta Sara Urionabarrenetxea Zabalandikoetxea Unibertsitate Antolamendu eta Plangintza zuzendaria. Bisitan, Elgoibarko alkatea, Maialen Gurrutxaga, eta lehen alkateordea, Ion Zubiaurre, ere izan dira, eta udalerriko hezkuntza eta industria sareari lotutako ekimen estrategikoen garrantzia azpimarratu dute.
EHUri atxikitako Ingeniaritza Dualaren Eskola eta Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratua batzen dituen campus gisa, IMH Campuseko ordezkaritzak bere proiektuak, helburuak eta kezkak azaldu ditu, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Sailaren ikuspegiaren eta esperientziaren berri izan du.
Hezkuntza-berrikuntzaren bidez, fabrikazio aurreratuaren sektorerako talentua prestatzea eta fidelizatzea, unibertsitateen eta lanbide-heziketaren arteko lankidetza-espazioak sortzea edo ikerketa aplikatua lantzea izan dira bisitan landu diren gaietako batzuk.
Ixaka Egurbide IMH Campuseko zuzendari nagusiaren arabera, “IMH Campusaren helburua da kalitatezko hezkuntza eskaintzea, eta, horretarako, berrikuntzak egitea eta gure ikasleen, industriaren eta gizartearen egungo beharretara eta etorkizuneko erronketara etengabe egokitzea”.
Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak adierazi duenez, “IMH Campusa hezkuntza, industria eta berrikuntza uztartzen dituen eredu arrakastatsua da. Horrelako proiektuak funtsezkoak dira Elgoibarko herriaren etorkizuna garatzeko, eta erakundeon arteko elkarlana beharrezkoa da horiek bultzatzeko”.