XVII. SAN MIGUEL RALLYSPRINTA 

EME Automobilismo Kirol Klubak, emakumez osatutako eta mota honetako Euskal Herriko klub  bakarra izanik, iaz berreskuratu zuen urte luzez galdua egon zen San Miguel Rallysprint proba.  Etxebarriako Kastinparro eskuderiaren laguntzarekin, lehen edizio berria arrakastaz antolatu  ostean, aurten bigarren edizioa antolatuko dute datorren larunbatean, ekainaren 28an. 

Aurten berrikuntza txiki batzuk ere izango dira. Esaterako, goizeko ekintza guztiak Elgoibarren  egingo dira: 09:45etatik aurrera, parte-hartzaileen egiaztapen administratiboak Karakate  Jatetxean egingo dira, eta horien ostean, egiaztapen teknikoak burututa, onartutako ibilgailuak  Kalegoen Plazan bilduko dira. Gainera, segurtasuna indartzeko, ibilgailu guztiek GPS gailu bat izango dute, lasterketako zuzendaritzak parte-hartzaileen kokapena uneoro ezagutzeko. 

Lasterketa Elgoibartik abiatuko da eta Ixuatik Galartza industria gunera iritsiko dira, non  elkartzeak eta autoen asistentzia-lanak egingo diren. Ondoren, Etxebarrian abiatuko da  erlojupeko ibilbidea eta Elgoibarren izango du helmuga. Ibilbidea hiru aldiz errepikatuko da, eta  autoak Altzibar auzoko etxe taldean elkartuko dira, Latuna txarangaren musikarekin giroa  alaitzeko. Sari banaketa 20:30ak inguruan egingo da Elgoibarko udaletxeko atarian, lasterketari  amaiera emateko. 

Parte-hartzaileen zerrenda dagoeneko itxita dago, eta EME klubeko Oihane Uranga eta Ane  Zapirainek pozik hartu dute beraien proba Rallysprint modalitatean debutatzeko hautatua izana.  Urangak lur gaineko lasterketetan bi aldiz parte hartu du, eta Zapirainek aurten egin du salto  kopilotu eserlekura Igoeren modalitatean. Aurten, beste hiru emakume piloturekin batera, iazko  marka mantenduko da: 5 emakumezko pilotu arituko dira guztira. 

Halaber, 26 emakumezko kopilotu izango dira aurtengo edizioan, eta horrek berriro ere errekorra  hautsi dela erakusten du. 

RS San Miguel 2024 zifretan: 

  • 66 talde parte-hartzaile 
  • 5 emakumezko pilotu (2 debutari) 
  • 26 emakumezko kopilotu (3 debutari) 

Debutariak: 

Kopilotuak: 

  • Nuria Sebrango (Markina-Xemein) 
  • Ane Arizmendiarrieta (Markina-Xemein)
  • Olatz Betanzos (Muxika) 
  • Orkatz Eizagirre (Hernani) 

Pilotuak: 

  • Oihane Uranga (Markina-Xemein) 
  • Ane Zapirain (Astigarraga) 
  • Joseba Goiburu (Donostia) 
  • Josu Mayoz (Abaltzisketa) 

Antolakuntzak azpimarratu nahi du segurtasun-arauak betetzearen garrantzia: mesedez,  errespetatu boluntarioen eta segurtasuneko taldekideen oharrak eta antolakuntza-autoek  emandako argibideak. Ikuslegoarentzat debekatutako espazioetan ez kokatzea gomendatzen da,  eta guztion artean egun eder batez gozatzea!