Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Gurutze  Gorria elkarteak 2025erako lankidetza  hitzarmena sinatu dute 

  • Udalak 10.000 euroko laguntza emango dio elkarteari zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrak asetuko direla bermatzeko. 
  • Horrekin batera, Udalak elkarteari lokalaren lagapena egin dio lankidetza sendotu eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzeko asmotan. 

Urtez-urte, Gurutze Gorriak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuak elkarlanean dihardute egoera  zaurgarrian dauden pertsonen beharrak bermatzeko.  

Gizarte Ongizate Sailaren helburua da gizarte-beharrei erantzutea, herritarren parte hartzea bultzatuz eta gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten erakunde edo elkarteekin  elkarlanean arituz. Horretarako, komunitateak berak parte har dezan sustatzen du, eta  elkarte edo taldeek Gizarte Zerbitzuen Sisteman bateragarriak diren jarduerak egin  ditzaten laguntza ekonomikoa eskaintzen du, ohiko elkarlanaz gain. 

Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 10.000 euroko  dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Gurutze Gorria elkarteari, 2025ean zehar  egoera zaurgarrian dauden pertsonen beharrak asetuko direla bermatzeko; eta ondorioz,  momentu honetan bereziki, janari zein higiene kit-en bonoen banaketarekin dituzten  gastuekin laguntzeko asmoz.” 

Horrez gain, Gurutze Gorriak Elgoibarren egiten duen lana babestu eta sendotzeko asmoz,  Elgoibarko Udalak lokal bat uztea adostu da hitzarmenean elkartearekin. Lokal hori,  Gabriel Kurutzelaegi kalean dago kokatuta, eta elkarteak bere jarduera soziala modu  egokian garatu ahal izateko baliabide bat da.