Berbazulo egitasmokoek ikasturte amaierako txangoa egin dute Donostiara Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituzten edo euskaraz ez dakiten haur eta gaztetxoei laguntzea da Berbazulo egitasmoaren helburua.

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak sinatua duten hitzarmenaren baitan, eta ikastetxeen lankidetzarekin, burutzen da Berbazulo egitasmoa. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 77 ikaslek parte hartu dute ikasturte honetan Udalak diruz laguntzen duen egitasmoan. Atzerritik edo Espainiako autonomia erkidegoren batetik Elgoibarrera etorritako haur eta nerabeak dira bereziki. Egunerokoan euskararekin izan ditzaketen gabeziekin laguntzea da Berbazuloren zereginetako bat, euskararen ezagutzan eragile diren ikastetxeek egiten duten lanaren errefortzu modukoa eskainiz. Hain justu, Euskara Errefortzuak izenarekin jaio zen egitasmoa 2002. urtean, eta 2010ean hartu zuen Berbazulo izena.

Ikasturte honetan Berbazulon aritu diren hainbat ikaslek ikasturte amaierako txangoa egin zuten joan den asteburuan, Donostiara. Hiriko toki esanguratsuenak bisitatu zituzten, tartean Aquariuma eta hondartzan ibili eta bainua hartzeko aukera ere izan zuten. Euskara praktikatu eta elkarrekin ondo pasatzeko eguna izan zela azaldu dute.

Datorren ikasturtean ere segida izango du egitasmoak eta ikastetxean bertan edo Elgoibarko Izarra elkartean izena emateko aukera izango dute ikasleek.