Elgoibarko Udalak eta herriko bi elkarte garrantzitsuk –AIZU! Ostalaritza Elkartea eta Txankakua Merkatarien Elkartea– 2025. urtean zehar herriko ostalaritza eta merkataritza biziberritzeko helburuarekin lankidetza-hitzarmen bana sinatu dute. Hitzarmen horien bitartez, Udalak guztira 45.000 euroko ekarpena egingo du.
Udalak 20.000 euroko dirulaguntza emango dio AIZU! Ostalaritza Elkarteari, urte osoan zehar garatuko diren dinamizazio-jardueretarako. Ekintzen artean hauek nabarmentzen dira:
- Ostalaritzaren irudi bateratu eta erakargarriaren sustapena
- Bezeroak fidelizatzeko kanpainak (deskontoak, zozketak, sariak…)
- Inguruko herrietatik bezeroak erakartzeko ekimenak
Bestalde, Udalak 25.000 euro bideratuko ditu Txankakua Elkartearentzat, tokiko merkataritzaren aldeko sustapen eta animazio ekintzak garatzeko. Jarduerak antzeko ildoetan oinarrituko dira:
- Merkataritza elkartegintza bultzatzea
- Herriaren barruko kontsumoa indartzea eta kanpora ihes egitea saihestea
- Komunikazio eta marketing kanpainetan euskararen presentzia ziurtatzea
Bi hitzarmenetan, parte hartzen duten erakundeek konpromisoa hartu dute dirulaguntza jarduera espezifikoetara bideratzeko eta ondorengo justifikazioak aurkezteko.