- Udalak 10.000 euroko laguntza emango dio elkarteari zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen beharrak asetuko direla bermatzeko.
- Horrekin batera, Udalak elkarteari lokalaren lagapena egin dio lankidetza sendotu eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzeko asmotan.
Urtez-urte, Gurutze Gorriak eta Udaleko Gizarte Zerbitzuak elkarlanean dihardute egoera zaurgarrian dauden pertsonen beharrak bermatzeko.
Gizarte Ongizate Sailaren helburua da gizarte-beharrei erantzutea, herritarren parte hartzea bultzatuz eta gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten erakunde edo elkarteekin elkarlanean arituz. Horretarako, komunitateak berak parte har dezan sustatzen du, eta elkarte edo taldeek Gizarte Zerbitzuen Sisteman bateragarriak diren jarduerak egin ditzaten laguntza ekonomikoa eskaintzen du, ohiko elkarlanaz gain.
Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 10.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Gurutze Gorria elkarteari, 2025ean zehar egoera zaurgarrian dauden pertsonen beharrak asetuko direla bermatzeko; eta ondorioz, momentu honetan bereziki, janari zein higiene kit-en bonoen banaketarekin dituzten gastuekin laguntzeko asmoz.”
Horrez gain, Gurutze Gorriak Elgoibarren egiten duen lana babestu eta sendotzeko asmoz, Elgoibarko Udalak lokal bat uztea adostu da hitzarmenean elkartearekin. Lokal hori, Gabriel Kurutzelaegi kalean dago kokatuta, eta elkarteak bere jarduera soziala modu egokian garatu ahal izateko baliabide bat da.