- Udalak 210.000 euroko laguntza emango dio elkarteari euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko.
- Horrekin batera, hitzarmenaren helburua da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzea eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea.
Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, eta Amaia Sastrek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2025eko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Eurekin batera izan dira Aitor Iriondo, Euskara eta Gazteria eta Hezkuntza arloetako zinegotzi arduraduna, (eta Imanol Larrañaga, elkarteko teknikaria).
Maialen Gurrutxagak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 210.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2025ean zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”.
Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 130.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Gazteria eta Hezkuntza sailetik, berriz, 80.000 euro.
Aurtengo hitzarmenaren baitan, Udalak hainbat ekimen diruz lagunduko ditu:
Euskara sailari dagokionean: BARREN eta barren.eus-erako 62.500 euroko laguntza jasoko du elkarteak, Familia transmisioko ekintzetarako, Berbazulo saioetarako eta Tertuliak ekimenerako 31.000 €, Euskararekiko sentsibilizazioa-erabilera sustatzeko 35.000 €, eta Eguberrietako Bertso jaialdirako 1.500 €.
Gazteria eta Hezkuntza sailari dagokionean: Oporraldiak (udaberria, uda, negua) egitasmorako 30.000 euroko laguntza jasoko du elkarteak, Familia programarako 19.000 €, Jolasaren asterako 7.000 €, Gaba Beltza antolatzeko 8.500 €, Olentzero eta Mari Domingiren kalejirarako 7.500 €, eta Haur eta gurasoen artean euskara sustatzeko 8.000 €