Elgoibarko Udalak Euskaraldian hartuko du parte

  • Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo den Euskaraldia ariketa sozialean parte hartuko dute udaleko ordezkari zein langileek.

Aurten, orain arte ez bezala, udaberrian izango da Euskaraldia ariketa sozialaren 4. edizioa, maiatzaren 15etik 25era bitartean, hain zuzen ere, “Elkar mugituz egingo dugu!” lelopean. 

Euskaraldiak euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatzea du xede, eta Euskal Herri osoan eragiteko sortu da, herritarren hizkuntza praktikak aktibatu eta euskararen erabilera areagotzeko, hau da, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko, 11 egun iraungo duen praktika sozial masibo eta bateratu baten bitartez. 

Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da lan erraza, ordea. Hala ere, entitateek zeregin garrantzitsua dute Euskaraldian. Horren jakitun izanik, Elgoibarko Udalak eta bere ardurapeko entitateek  bat egin dute aurtengo deialdiarekin, eta modu aktiboan parte hartuko dute Euskaraldian.

Dagoeneko, hasi da girotzen aurtengo edizioa, eta langile zein ordezkari instituzionalek argazkiak atera dituzte ingurukoak animatzeko eta euren konpromisoa erakustera emateko. 

Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu ariketa sozial honetan parte hartzera, ondorengo loturan izena emanda (eman izena), elkar mugituz, euskararen erabileran urratsak emanez eta hizkuntza portaerak aldatuz, euskara gehiago erabiltzeko.