Gu ere bertsotan egitasmoko ikasleek bukaera eman diote aurtengo ikasturteari Suhar Gesalaga, Joanes Azpillaga, Naia Arrizabalaga, Araitz Katarain eta Irune Basagoiti bertsolarien bisitarekin

Duela 20 urtetik hona, LH4ko eta LH5eko 240 ikasle inguruk parte hartzen dute ikasturtero, Elgoibarko Udalak finantzatzen duen eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gidatzen duen “Gu ere bertsotan” egitasmoan. 

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, ikasleek astean ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, eta bertsoa izan dute horretarako bitarteko tresna. Ikasturte honetan, proiektu honetan parte hartu duten neska-mutikoek, Eneko Beretxinaga bertsolari soraluzetarraren eskutik, lau esparru landu dituzte bereziki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak nahiz sozialak.

Urte osoan lanean jardun ondoren, baina, iritsi da aurtengo ikasturteari agur esateko ordua, eta, horretarako, “Gu ere bertsotan” proiektuan parte hartzen duten Ikastolako eta Herri Eskolako LH4 eta LH5eko ikasleek bertsolarien bisita jaso dute Kultur Etxeko sotoan ekainaren 10ean eta 12an. Bisitan Elgoibarrera etorri diren bertsolariak Suhar Gesalaga, Joanes Azpillaga, Naia Arrizabalaga, Araitz Katarain eta Irune Basagoiti izan dira.

gu ere bertsotan