Dagoeneko, zabalik dago Elgoibarko Udalak 7 eta 16 urte bitarteko haurrei eskaintzen dien aisialdi eskaintzan izena emateko epea. Aisialdiko ikastaro horiek 2025eko urritik 2026ko maiatzera bitartean egingo dira, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) arloekiko interesa, ikaskuntza eta sormena sustatzeko.
Ikasle txikienei, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik laugarrenera artekoei, Robotikako ikastaroak eskainiko zaizkie. Adin horretako haurrek robotak, bideo-jokoak eta bestelako asmakizun teknologikoak sortu eta programatzeko aukera izango dute. Horretarako, tresna didaktiko eta teknologikoak erabiliko dituzte, hala nola, Lego Wedo, Mindstorms, Makeblock, Arduino, Scratch, Unity edo Tinkercad. Robotika-saioak astearte edo ostiral arratsaldeetan izango dira, 17:30etik 18:30era, IMH Campus eraikinean.
Parte-hartzaile nagusienek, 10 eta 16 urte bitarteko gazteek (LH5-LH6 eta DBH1-DBH4), Elgoibarko Udalaren eta Elhuyarren eskaintza izango dute aukeran. Ikasleek ikertzaile profesionalek gidatutako tailer eta proiektuetan parte hartu ahal izango dute. Ikasturtean zehar, esperimentuak eta talde-lanean oinarritutako proiektuak egingo dituzte. Gainera, eskualdeko enpresak eta ikerketa-zentroak bisitatuko dituzte, sektoreko emakume profesionalekin harreman zuzenean.
Ikastaro horiek ere IMH Campusean egingo dira asteazken eta ostegunetan, eta ordutegiak ikasleen adinaren arabera egokituko dira.
Izena emateko prozesua bi fasetan banatuta dago: lehenengo epea 2025eko ekainaren 2tik 20ra izango da, eta bigarrena, berriz, ekainaren 24tik aurrera. Fase horretan, libre gelditu diren plazetan izena emateko aukera egongo da.