Elgoibarren, oinarrizko lanbide heziketako ziklo egokitu berria aurkeztu da gaur, Enpresen Administrazio kudeaketa arlokoa. Ziklo honen eskaintza, Nualak Udalari luzatutako eskaera bati erantzuna ematera dator eta MEKA Lanbide Eskolarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin egindako lanari esker 2025/2026 ikasturtean, Elgoibarren, lehenengo oinarrizko lanbide heziketa egokituaren zikloa martxan egongo da.
Ekimen honek aukera emango die ikasleei gaitasun praktikoak eskuratzeko enpresa munduarekin lotutako lanbideetan. Ziklo berri honen helburua da gazteei formazio egokitua eta gertukoa eskaintzea, beren ikasketa-prozesua errazteko eta lan-munduan txertatzeko prestatzeko.
Aurkezpenean, Isabel Mendiguren Laca, Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntza Berezien zuzendaria; Jose Maria Beristain, MEKA Lanbide Eskolako zuzendaria; Nuala Elkarteko kideak; eta Maialen Gurrutxaga, alkatea, izan dira.
Nualako kidea den Miriam Aldazabalek adierazi du aspaldi ikusi zutela hezkuntza mundua debabarreneko aniztasun funtzionala duten pertsonei zabaltzea beharrezkoa zela. Gainera, Maria Beristainen hitzetan, “ziklo honen helburuetako bat, orain arte ibilbide arruntetan ikasketak burutzeko aukerarik izan ez duten kolektibo desberdinetako ikasleek Ikasketa eta bizitza proiektu bat eukitzeko aukera ematea da”.
Amaitzeko, Maialen Gurrutxaga alkateak honako hau adierazi du: “Nuala elkartearekin dugun harremana eta urteetako elkarlana funtsezkoak izan dira proiektu hau aurrera ateratzeko. Elkarlan horrek herria hobetzen laguntzen digu eta pozik gaude bide horretan jarraitzen dugulako. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu MEKA Lanbide Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari erakutsitako prestutasunagatik. Guztion artean lortu dugu hezkuntza-aukera berri hau martxan jartzea, eta benetan pozgarria da bertako zein inguruko ikasleek izango duten aukera berria.”
Ziklo hau bi urteko iraupena izan beharrean, hiru urtetan egingo da, eta ikasleek astean 20 orduko eskola-saioak izango dituzte. 15 plaza eskainiko dira, eta Debabarrenean detektatutako hezkuntza-behar bati erantzun zuzena ematea du helburu eskaintza honek. Matrikula-epea uztailaren 24ra arte izango da , eta informazio gehiago edo izen-ematea nahi dutenek mezu bat bidali dezakete bulegoa@meka.eus helbidera.