Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin jarri dute abian euskaraz barra-barra marka bateratua Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak.
Markaren zabalkundean ari dira Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarra elkartea, eta egiteko honetan lagun dituzte Aizu eta Txankakua elkarteak. Horren barruan antolatu den 17. Logela izeneko ihes-gela ibiltaria iritsi da Elgoibarrera. Hiru egun emango ditu gurean, eta 20 saio eskainiko ditu.
Parte-hartzaileak 16 urtetik gorakoak eta euskara ulertu eta hitz egiteko gai diren herritarrak izango dira eta txandak aurrez erreserbatu behar izan dituzte. Dagoeneko, txanda guztiak agortu dira, beraz, arrakasta izan duen ekimena izan da. Saio bakoitzean, gehienez ere, bost lagunek ahalko dute parte hartu. Guztira, 100 lagun inguruk parte hartuko dute ihes-gela horretan.